Zure proiektua edo negozioa gauzatu nahi duzula pentsatzea ez da preseski ideia bat izatea: helburu bat izatea da. Oraindik zehaztu gabe dagoen zerbait, baina helburua.

Forma ematen hastea ez da beti errazena; beraz, zuri laguntzeko, zenbait teknika proposatzen dizkizugu: batzuek ideiak sortzen laguntzen dute; bestetzuek, onenak aukeratzen lagunduko dizute

Badakizu proiektu bat egin nahi duzula, edo negozio txiki edo handi bat sortu, baina ez zaizu bururatzen zer eta nola. Pentsatu negozio ideiak besteek egiten dutenetik eta zure prestakuntzatik, esperientziatik eta zaletasunetatik datozela normalean. Beharbada, hori abiapuntu ona da. Gainera, funtsezkoa da zure ingurura begiratzen ikastea: konponbide berriak (zureak) behar dituzten arazoz inguratuta gaude, bai eta gure arazoetarako konponbidez inguratuta ere. Arretaz eta irudimenez begiratzea da kontua.

Batetik, “TRESNAK” atalean, ideia-jasa bat nola egin aurkituko duzu, irudimenik eza eta orria zerez bete ez jakitea gainditzeko. Bestetik, ”SAREAK + 2.0” atalean, honako hauek erabiltzen ikasiko duzu: evernote, aurkitzen duzun material interesgarri guztia gordetzeko; trello, zu zeu eta zure proiektua antolatzeko; eta symbaloo, zure ikaskuntza ingurunea sortzeko. “KONTURATU GABE” ikusiko duzu zuri buruzko gauzak ikasi dituzula, proposatu dizkizugunak probatu bitartean. Izan ere, “ESANA ZUEN FILM HARK”.

Proiektua zenbaiten artean egiten ari bazarete, bikain; bakarrik ekin badiozu, laguntzeko eska diezaiekezu. Dibertigarria da. Erraza da ideia-jasa bat egitea. Arazo bat azaltzen da, eta pentsatu gabe bururatzen zaizkizuen ideia guztiak esan baino ez da egin behar. Berdin dio baliagarriak, erokeriak edo ezinezkoak diren. Beldurrik gabe. Asko eta iragazkirik gabe ateratzea da garrantzitsuena, pentsatzeko ohiko modua saihesteko. Ideia guztiak, eroak, baliagarriak, gauzagarriak, ezinezkoak, guztientzat ongi agerikoa den zerrenda batean idazten dira. Hamar bat minutu igaro ondoren, beste lan bat hasten da: ideiak antolatzea eta elkarren artean erlazionatzea, zerrenda txikiagoa baino zehatzagoa izan arte. Azkenean, balio ez dutenak kenduko ditugu, eta konponbide onenarekin geratuko gara. Demagun ile-apainketako oinarrizko Lanbide Heziketa ikasi duzula; beraz, gazte samarra zara, ez duzu diru askorik, baina gogo handia eta oso ideia argiak ohartzeko zeinen garrantzitsua den edonorentzat bere buruarekin eta itxurarekin ongi sentitzea. Zer egin dezakezue dakizuenarekin eta daukazuenarekin? Hori da zuen abiapuntua.

EIle apaindegi bat sortzeko edo ekin nahi diozun beste edozein proiektu gauzatzeko, darabilzun informazio guztia antolatu beharko duzu, atazak kudeatu egin beharko dituzu, eta partekatu taldeko gainerakoekin. Horregatik, hiru tresna oso baliagarri erabiltzen ikasiko duzu. Trello: lana banan-banan eta taldeka antolatzeko balio du; Evernote: dena jasotzeko erabiliko duzun ohar liburuxka izanen da; Symbaloo: webguneetarako, bideoetarako, blogetarako, sareetarako eta sarean erabiltzen duzun beste edozein baliabidetarako loturak bilduko ditu. Hiru tresna horiek doakoak dira, eta edozein gailutatik erabiltzen ahal dituzu.  ​

Baliteke oraindik oso argi ez izatea honek zerikusia duen zurekin, ezertarako balio dizun. Bada, ohartu ez bazara ere, gauza asko ikasi dituzu konturatu gabe. Ideia-jasen edo Googlen egindako bilaketen atzean, “oinarrizko gaitasunak” direlakoak daude: ez dira ikasi duzulako edo ez duzulako ikasi dauzkazun ezagutzak, gainerakoak inguruan ditugula egunez egun bizitzeko behar ditugun trebetasunak baizik. Baina horiek ere ikasi egiten dira, eta erabiltzen. Ideia-jasa egiteko, motibazioren bat (oinarrizko gaitasuna) izan behar zenuen, eta ziur zeure buruarekiko konfiantza handitu dela emaitzak ikustean (konfiantza beste gaitasun bat da); gainera, ziur kontatu diozula norbaiti, eta ahalegindu behar izan duzula ongi azaltzen, diozuna uler diezazun (beste bat: komunikazioa), eta hori guztia zure mugikorraren edo ordenagailuaren bidez egin duzula, eta, beraz, zure gaitasun digitala ere gihartu duzu. Ez dago batere gaizki hori guztia konturatu gabe egiteko! Pentsa dezakezu oraindik ere ez dizula ezertarako balio gaitasunen berri izateak, egin behar duzuna egitea aski dela. Ez da guztiz egia. Zuk, mundu guztiak bezala, dauzkazunekin lan egiten duzu. Eta zer duzu? Besteak beste, zure gaitasunak.

Zure zaletasunetan bilatzea, ideia-jasetan, ilusioz beteko zaituen proiektu bat aurkitzeko…. Inoiz ez duzu pentsatu gauza batek beste batera eraman zaitzakeela, nolatan dena, azken batean, erlazionatuta egon daitekeen? Ez duzu zeure burua ezagutzen horretan guztian pentsatuta?