Esan beharrik ere ez dago komunikazioa funtsezkoa dela. Zure proiektua zu zeu zarenez —zure curriculuma—, honezkero ongi pentsatuta izanen duzu zer esan nahi duzun, eta orain nola esan pentsatzen hasiko zara.

Batzuetan, idatziz jardun beharko duzu, eta beste batzuetan, berriz, zuzenean. Argi, atsegingarriki eta eraginkorki komunikatzea lortu beharko duzu (edo horretan saiatu, behintzat). Ez beldurtu. Horretan ere ikasten da.

Normalean, curriculumari beste elementu bat gehitzen zaio: aurkezpen gutuna. Elkarrizketatzailearekin hitz egin dezazun lortzea du helburu; beraz, lanari ekin behar diozu, eta estrategiaz eta nolabaiteko estiloz idazten hasi. Gainera, elkarrizketarako, beste hizkuntza mota batean jarri beharko duzu arreta, hitz gabeko hizkuntzan.

Hala, “TRESNAK” gunean, curriculuma pixka bat atseden hartzen utziko dugu, eta gutun hori idatziko duzu.  Eta “SAREAK + 2.0” gunean zure profilak biribilduz joan bazara  zure “marka pertsonala” sortzeko, zure 2.0 txartela egiten ahalko duzu eta zure curriculumean sartu. Honaino iritsi bazara, esan nahi du ezen  “KONTURATU GABE” bene-benetan hartu duzula lana aurkitzeko helburua; beraz, zure curriculumean zer helburu agertu pentsatuko duzu. Izan ere, “ESANA ZUEN FILM HARK”; komunikatzear zaude, eta oihularia izan gabe. Esaten denak adina adierazten du isiltzen denak.

Baliteke zure curriculuma langileak hautatzen ari den enpresa batera bidaltzea, edo “autohautagaitza” bat prestatzen ari izatea (interesatzen zaizkizun enpresetara bidaltzea zure curriculuma, une horretan haiek inoren bila ez ibili arren). Bi kasuetan, aurkezpen gutun bat behar duzu.

Garrantzirik ez duela iruditu arren, funtsezkoa da ortografia akatsik ez izatea. Oso ziur ez bazaude, erabili autozuzentzailea; oso lagungarria da.

Era berean, funtsezkoa da hitz bat ez errepikatzea paragrafo berean. Egiten ari zarelako susmoa baduzu, oso erraz egiazta dezakezu. Word-en lan egiten baduzu, egin klik bilatu aukeran goiko barran, idatzi zalantza sortu dizun hitza, eta nabarmenduta agertuko zaizu. Ziur asko, sinonimo bat bilatzea da onena. Adibidez: funtsezkoa edo nahitaezkoa, edo garrantzitsua, edo oinarrizkoa, edo beharrezkoa). Hemen bila ditzakezu: SINONIMOEN HIZTEGIA.

Aurkezpen gutunen eredu asko eta asko daude Interneten. Ez duzu bat hitzez hitz kopiatu behar, orain gida hau irakurtzen hastean baino askoz gauza garrantzitsu gehiago dakizkizulako zuri buruz. Ez izan beldurrik, eta pertsonalizatu gutuna: ereduren batean oinarrituta ere, zeure egin. Nabari dadila zeure buruan duzun segurtasuna dela zure gaitasunetako bat. Ahalegindu honekin:

Ejemplo de Carta de Presentación

Txartel digitala da zeure burua ezagutarazteko modu bat. Orri pertsonala ere esaten zaio, eta aukera ematen du orri bakar batean honako hauek guztiak biltzeko: zure izena, harremanetarako datuak, zure sare sozialen deskribapen laburra, haietarako loturak, web-orria, bloga eta abar.

Zure mezu elektronikoen sinadura moduan erabil dezakezu, edo haren helbidea sareetan eta abarretan partekatu; hartara, sarbide bat bidaliko duzu link horietara guztietara.

Hauek dira horrelako orri pertsonalak sortzeko doako eta ordainduzko tresnetako batzuk: About.me, Flavors.me, Pixelhub, Zerply, Re.vu, Follr, Brushd, Wall of me, Carbonmade

Guztien artetik, hau aukeratu dugu: CARRD.CO. Erabiltzen errazenetako bat da, eta minutu gutxian orri pertsonal erakargarri bat sor dezakezu, zure informazio garrantzitsuena, zurekin harremanetan jartzeko moduak eta zure profiletarako estekak biltzen dituena. Erabili tutorial hau zure orri pertsonala (txartel digitala) egiteko

 

Benetan: ez dizugu gehiago hitz eginen gaitasunei buruz.

Orain, “komunikazioan” irakurri duzuna probatuko duzu, eta “helburuak” idazteari ekinen diozu, paragrafo hori izanen baita zure curriculumaren goiburuan.

Hartu papera eta boligrafoa, eta pentsatu zer esan nahi duzun, zein diren benetan zure helburuak (lantalde bateko kide izatea, dakizuna praktikan jartzea…). Hasi idazten; ez zaizu ondo aterako lehendabizikoan, baina ez amore eman: ez da idazten mintzatzen den bezala, eta zaila da gustura sentitzen zaren tonua aurkitzea. Lortua duzula uste duzunean, idatzi ordenagailuan, ortografia akatsen bat zuzentzeko. Utzi bere horretan, eta irakurri tarte luze samar bat igaro ondoren; ea oraindik ere egokia iruditzen zaizun, edo zer aldatu badagoen.

Hona hemen laguntza bat:

“Dakidana praktikan jartzeko eta partekatzeko eta lan arloan nahiz arlo pertsonal eta intelektualean hazteko eta, horrenbestez, nire helburuak lortuz joateko aukera ematen didan enpresa bateko kide izatea.”

Egoera bakoitzak komunikazio mota bat izateko aukera ematen dizu. Ez zara berdin mintzatzen lagunekin zaudenean eta eskolan zaudenean, edo Institutuko zuzendaritzarekin ari zarenean. Egoera bakoitzean “hizkera” bat aukeratzen duzu. Baina, era berean, kontuan hartu behar duzu asko esan dezakezula ezer ere ez diozunean.